«Cochino, marrano, cerdo americano», abesten genuen txikitan
esanahia gehiegi ulertu gabe. Amerikano horiek estatubatuarrak dira.
Haien hirietan genbiltzan duela astebete baino gutxiago eta esan beharra
daukat… gu bai marranoak! Gure mendiak zaborrez josita daude, mukizapi
bat hemen, zigarrokin bat han, eta horregatik pentsaezina iruditzen
zitzaidan Yosemite bezalako parke erraldoi turistiko batean,
«txomingeroz» josita dagoena, zaborrik ez ikustea. Badirudi naturarekiko
guk baino errespetu handiagoa dutela yankiek.
«Hanburgesa pila bat jango zenuen, ezta?». Ba bai, eta gainera M
horia duen katearen jatetxeetan behin baino gehiagotan bazkaldu dut, eta
zein ona zegoen dena! Edozein jatetxetan bezain onak, multinazionalaren
hemengo lokaletan baino hobeak. Bilbon duela gutxi zabaldu zuten
kafetegi garesti horretan ere gosaldu dut batzuetan, eta gauza bat
esango dizuet: Osaba Samen herrialdean kafe hori ez da garestia. Ez
behintzat beste kafetegietan baino garestiagoa. Eta kafea nolakoa da?
Amerikanoa, noski.
Yankiekiko aurreiritzi txar askorekin abiatu nintzen bidaian baina
nahiko zapore onarekin itzuli naiz etxera. Oso jatorrak eta hiztunak
dira, laguntzeko prest daude orokorrean eta, batzuek Euskal Herria non
dagoen ere badakite. Aizu, «Bilbao» eta «izena gogoratzen ez dudan beste
herri batean» izandako gizon batekin aritu ginen. Donostia zen «herri»
hori. Euskararen egoerari buruz galdetu zigun ondoren eta bere emazteak
ea Francoren ostean beste diktadore bat dagoen jakin nahi izan zuen.
Senarrak demokrazia dagoela azaldu zion, eta guri irribarre erdi bat
marraztu zitzaigun ahoan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario