lunes, 20 de febrero de 2017

Loreak mendian eta haurrak parkean

Umeak gustatzen ez zaizkidala esan ohi dut, baina ez da egia. Animaliekin hobeto moldatzen naiz, ados, baina haurrekin konfiantza hartzen dudanean ederki ibiltzen naiz haiekin ere. Nire arazoa da ez dakidala oso ondo nola kudeatu ezagutzen ez dudan ume batekiko harremana. Bestalde, haurrak «ez gustatzearen» erruaren parte handi bat haien gurasoena da. 

Sumatzen dut seme-alabak dituzten guraso gazte askok euren ohiko bizitza egiten jarraitu nahi izaten dutela. Eta alde batetik ados nago; aita edo ama zaren unean pertsona izaten jarraitzen duzu. Baina nire ustez, eta pentsatzen dut gehiengoaren ustez, txikiak jaiotzen diren unean haiek dira lehentasuna. 

Horregatik, askotan ezinezkoa da guraso izan aurreko bizimodu berbera izatea. Noizbait ama banaiz, neure burua imajinatzen dut pailazoak ikusten, parkean, harrapaketan edo sokasaltoan jolasten, eskulanak egiten, marrazki bizidunak ikusten... Nahi nuke jarraitu asteburuetan berandu altxatzen, «peli-manta-aje» igandeak igarotzen eta lagunekin poteoan ateratzen, baina zaila ikusten dut. 

Eta azken puntu honetan dago koxka. Zenbatetan ekidin izan dut taberna bat haurrez beteta zegoelako! Ez naiz ari egun berezi bati buruz –bazkari bat, adibidez–. Askotan gurasoak kuadrillarekin elkartzen dira eta umeak “askatu” egiten dituzte, haiek jende artean lasai jolasten diren bitartean. Orduan pentsatzen dut ez al lirateke hobeto ibiliko parkean kez eta alkoholez bete ohi den leku batean baino. Horregatik diot, «loreak mendian, haurrak parkean». 

Gara egunkarian publikatua.