1987ko martxoak 1ean Maribik Aitziber izeneko neskatxa polit bat ekarri zuen mundura. Legazpiko Haztegi ikastolan ikasten hasi zen eta 18 urte bete zituen arte bertakoen sentimenduak asaldatzen ibili zen bertan. Aitziberrek 9 urte besterik ez zituela, Uharte-Arakileko tren istripuak ia bere familiaren bizipenak, etorriko ziren algarak eta ospakizun guztiak eraman zituen bidetik. Zorionez familiari elkarrekin pasatuko zituzten momentu zoriontsu asko gelditzen zitzaizkion. Mina desagertu zen, baina inoiz ez zuen zorigaitzeko momentu hura ahaztu. Bere aurpegian burdin zatiek egindako zaurien markak zituen, eta inoiz ez zituen ezkutatzen.
Zuen irrifar politagatik, begi biziengatik eta ahots gozoarengatik Estitxu Fernandez deitzen zioten lagunek. Bera hitz egiten ikustea plazer hutsa zen guztientzat. Gainontzekoek arazo bat zutenean guztiari pisua kentzeko gaitasuna zuen, eta berarekin bi minutu pasa ondoren atsekabeak desagertu egiten ziren. Bere lagunek samurtasunez gogoratzen dute zein ahazkorra zen. Beti uzten zuen etxean tabakoa edo hamarretakoa, baina eskatzen zuenean edonork ematen zion pozik. Boligrafoak ere etxean uzten zituen beti, eta bereak ez zirenak estutxean sartzeko ohitura zuen. Axota guzti horiek nahigabe bereganatzen zituen bezala, ezagutzen zutenen bihotzak ere beregantu zituen. Ezezagunek ere nolabaiteko mirensmena zuten berarekiko, baina berak hori ez zekien oso umila baitzen.
Batxilergoan bere etorkizunarekin zer egingo ote zuen pentsatzen hasi zen. Beti idaztea gustatu zitzaion eta kazetaritza ikasketak burutzea erabaki zuen. Azken momentuan, berriz, Deustura joan zen HUCO ikastera eta iaz karrera amaituko luke. Bertan ere lagun asko egin zituen. Jendearekin iman bat bezalakoa zen, nolabaiteko dizdira berezia zuen eta sorginkeriaz eraginda bezala begiradak berari zuzentzen ziren beti. Momentu oro zegoen pozik, txikia zen, baina txikitasunean handi, eta kanpotik bezain ederra zen barrutik ere.
Bere 22. urtebetetze gauean afaria egin zuen lagunekin ospatzeko. Gaueko 12:00tan Legazpiko Arrano Tabernan Kaxianoren “zorionak” jarri zuten, eta bere mutil-lagun Anderrek zorion berezi bat eskaini zion. Bere bizitzako egunik zoragarriena izan zela esan zion Aitziberrek Anderri. Inor konturatu gabe denbora agortzen hasi zitzaion gau horretan bertan. Hurrengo goizean jada ez zegoen. 2009ko martxoak 1ean patuak Aitziber izeneko neskatxa polit bat eraman zuen Legazpitik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario