Sare sozialetan eztarrian bola bat sortzen duten testigantza
horietako bat dabil pil-pilean. Soinu teknikari batek zezenketetan bizi
izan duen bizipena kontatzen du. Egunero, zezenaren sufrimendua entzun
behar zuen bere entzungailuetatik plazan zeuden ehunka lagunek
toreatzailearen lana txalotzen zuten bitartean. Bere ustez, pasodoble
eta txaloen ordez mikrofonoak jasotzen dituen soinuak erakutsiko
balituzte, ikusleen %90ek telebista itzaliko lukete. Egun batean zezena
bere alboan erori zen. Begiradak gurutzatzean malkoak ikusi zituen
zezenaren begietan. Egun horretan bertan lana utzi zuen.
Ez dut ulertzen nola animaliei min emateko gai den jendea dagoen,
nola ikuskizun hori txalotzeko gai den jendea dagoen. Ez dut ulertzen
nola senti dezaketen errukia tripak kanpoan dituen toreatzaileagatik,
borondatez plazara joan den horrengatik. Sumatzen dudanagatik behintzat,
gero eta gehiago dira zezenketen kontra daudenak. Hirietako plaza erdi
hutsek zezenketen deuseztatzeranzko norabidea markatu beharko lukete.
Bartzelonan badago Arenas deituriko merkataritza zentro bat. 2010ean
Katalunian zezenketak deuseztatu aurretik, eraikin horren barnean
animaliak hiltzen zituzten. Egun, jendeak gozatzen duen espazio bat da.
EH Bilduk antzeko proposamen bat egin zuen Bilboko Vista Alegre zezen
plazarako: 365 egunez zabalik egongo den plaza bat, kirolarentzako zein
benetako kulturarentzako espazioekin. Amestea ederra da, baina oinak
lurrean jartzean Donostian nago, Illunbetik 4 kilometrora. Odol usaina
nabari da berriro.
No hay comentarios:
Publicar un comentario