Marokoko telebista publikoan emakumeei ubeldurak
makillajearekin estaltzen erakusten dietela irakurri nuen egunkari
honetako Ikus-entzun atalean. Nire haserrea izugarrizkoa izan zen, ni
neu askotan ibiltzen naizelako Youtuben makillatzen ikasteko tekniken
bila, baina halako leiho anitz batean sekula ez dut gisa horretako
zentzugabekeriarik aurkitu.
A zelako sorpresa hartu nuen egun batean Youtuben sartu eta jarraitu
ohi dudan youtuberetako batek «ubeldurak nola makillatu» izena zeraman
bideoa igo zuenean. Hasieran haserretu egin nintzen eta gero arrazoitzen
hasi nintzen. «Nago, ondo pentsatu, neska honek ez luke sekula
halakorik jarriko». Bideoa ikusten hasi nintzen. «Gaurko bideoa oso
erabilgarria izango da munduko emakume askorentzat; ubeldura bat
estaltzen irakatsiko dizuet», esaten zuen begi-ingurua belztuta zuela.
Etenaldi luze baten ostean, neskak telefonoa hartzen zuen eta 016
sakatzen zuen, tratu txarrak jasan duten emakumeei laguntzeko zenbakia.
Ez dakit Marokoko bideoari erantzun bezala sortu ote den joera hau
edo azaroaren 25aren harira izandako ideia izan den, baina neska hori ez
da eraso matxistak salatzen dituen youtuber bakarra. Hamarnaka dira
antzerako bideoak argitaratu dituzten neskak, hizkuntza desberdinetan,
eta batzuetan istorio beldurgarriak kontatzen dira.
Mezua argia da: makillatu itzazu kopetan atera zaizkizun granoak edo
parrandaren osteko begi-zuloak, nahi izanez gero, baina inoiz ez
matxismoak eragindako zauri fisiko zein emozionalak. Salatu.
Gara egunkarian argitaratua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario