Duela gutxi, tupper artean, iruindarren eta sanferminen
gaia atera zen. Urte osoa ematen dute aste honen zain eta uztailaren 6a
iristen denean, jaiak eztanda egiten duenean, hobe duzu haietaz ahaztu,
beraiek mundu osoaz ahaztuko baitira.
Donostiako erredakzioan pentsatzen hasi ginen, ba ote dagoen halako
beste festarik besteok ere gogoz biziz bizi duguna. Eta bai, nork bere
herri edo auzoko jaiak ere gogoz itxaroten ditu, baina sanferminek
badute plus bat: onerako edo txarrerako, mundu mailan ezagunak diren
festak dira, mundu mailan ezagunak diren Euskal Herriko festak!
Nik neuk ere gozatu izan ditut belaunetarainoko zikinkeriaz betetako
praka zurien gauak. Eta orain, parranda jendetsuak baztertzen hasi
naizen honetan, egunero 7.55ean telebistaren aurrean egoten naiz,
kafesnea eskuan, entzierroan koloretako kamisetak janzten dituztenak
kritikatzen.
Lankide donostiarrak esan zuen urteko egutegi berria ematen
digutenean egiten duen lehenengo gauza San Sebastian eguna libratzen ote
duen begiratzea dela. Nik ere berdina egiten dut inauteriekin eta
auzoko jaiekin. Eta zer diozue oporrez? Hilabete lehenago hasten gara
egunak zenbatzen.
Baina iruditzen zait etorkizunean bizi garela askotan, oraina
disfrutatu gabe. Konpromiso bat hartu nahi dut: eguneko gauza txikietan
erreparatzen saiatuko naiz. Afalosteko infusioa, hurrezko izozkia, lur
bustiaren usaina, gurasoekin aperitiboa, besarkada bat, lagunarteko
barreak. Eta iritsiko dira berriro sanferminak. Presarik ez izan.
GARAn argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario