Legazpiko Haztegi ikastolak 50 urte beteko ditu 2018an eta
ospakizunen artean bazkari masibo bat antolatu nahi dute: ikasle ohien
bilera, «american style». Kurtsoka Whatsapp taldeak osatu dituzte, eta
orain gure lana da desagertuta dabiltzan ikaskideak lokalizatzea. Gure
kurtsokoek noizean behin afariak egiten ditugu. Batzuetan gogoz joaten
naiz, beste batzuetan nahiago izaten dut nire denbora libre eskasa beste
pertsona batzuei dedikatzea. Baina oraingoan zirrara sortu zait.
Kontua ez da nire klasekideen berri izatea, gehienak kaletik ikusten
ditudalako maiz, nahiz eta gutxitan hitz egiten dugun. Kontua 87ko
kurtsoa 86 eta 88koaren artean kokatzea da. Eta horiek 85koen zein
89koen ondoan egongo dira. Denak batera egongo gara. Urrunago eseriko
dira DBHn geundela, soinketa klasea tokatzen zitzaienean, leihotik
begiratzen genien mutilak. Irakasleak ere egongo dira: nigan sinistu ez
zuena, neure buruarengan konfiantza izaten lagundu zidana eta lehen
aldiz heldu bezala tratatu ninduen hura. Albokoarekin asmatutako kantak
eta hitzak oroituko ditut, hormonak dantzan izango begenitu bezala,
barrez. Ezizenak latinez deklinatzen genituen garaiak ekarriko ditugu
gogora.
Konturatu nahiz duela 12 urte nire lagun-minak ziren batzuk, are
lagunagoak direla egun, baina beste batzuekin harremana guztiz galduta
dudala; harremanik ez nuen pertsona batzuekin primeran moldatzen naiz
orain; eta ni ikusezina nintzen horientzat, nahiago dut ikusezin izaten
jarraitu. Asko aldatu naiz (gara) denbora honetan, eta aldaketa horietaz
harro nago. Baina badaude gauza batzuk ez direnak sekula aldatzen.
Garan publikatua
No hay comentarios:
Publicar un comentario