Aste honetan telebistan ikusi dudan likore iragarki bat
ekarri nahi dut orrialde honetara. Sare sozialetan ere ibili da
bueltaka. Lagunak edo senideak diren pertsonak bikoteka agertzen dira,
eta adina galdetu ostean, hilabetean zenbatetan ikusten duten elkar
galdetzen diete. Ondoren, estatistikan oinarritutako ekuazio batekin
kalkulatzen dute zenbat denbora igaroko duten elkarrekin bizitza osoan
zehar. Emaitza beti da eskasa.
Ez gaude prestatuta entzuteko maite ditugun pertsonekin egoteko
gelditzen zaigun denbora 32, 165 edo 400 egun direla. Onartu edo ez,
denok dugu atzera doan erloju bat, baina egunero betebeharrak ditugu.
Gustatzen zait pentsatzea pasatzen den eguna ez dela egun bat gehiago,
egun bat gutxiago baizik, egiten dudan guztia ilusioz egiteko. Ez dut
beti lortzen, noski.
Iragarkiarekin ez nintzen konforme gelditu, baina nire kezkak
plazaratzen zituen testu bat ere irakurri nuen ondoren sare sozialetan,
eta horrelako zerbait zioen: egia da egunean denbora asko pasatzen
dugula Interneten, baina aisialdirako denborarik ez dugunontzat Internet
da harremanak pizteko tresna.
Oporretan dagoen lagunaren argazkia, jaioberri den txikiarena, zoriz
elkartu diren bi lagunena, gelditzen saiatzen gareneko eztabaida
kaotikoak, kanpoan bizi denak ematen dituen pausoak. Eta elkartzen
garenean orduak minutuak bezala igarotzen dira. Iluntzera arte irauten
duten bazkariak, hotzak gelditzen diren kafeak, opor txikiak. Nahiago
dut maite ditudanekin kalitatezko tarte txikiak pasatu, elkarri zer esan
gabeko denbora inerte pila bat baino.
Topa horrengatik, likore txupito batekin!
GARAn argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario