miércoles, 6 de julio de 2011

Mendekuaren zapore goxoa


Gorroto zaitut, baina beti ez da hala izan. Txikia nintzenean nirekin jolasten zenuen. Amatxori musuak ematen zenizkion. Hirurak elkarrekin pasatzen genituen oporrak. Orduan ateratako argazkietako irrifarreak betirako izango zirela uste nuen. Egun batean amak beste haur bat mundura ekarriko zuela esan zizun poz handiz zu ere pozik jarriko zinelakoan. Serio so egin zenion eta kalera joan zinen. Gau osoa pasatu zuen amak sofan, zure zai. Ni gelara joan nintzen, baina ez nuen lorik egin. Goizaldean iritsi zinen, pasabidearen koadro guztiekin estropezu egiten. Amak ez zizun ezer esan.

Hurrengo goizean garrasiak entzun nituen, zuk esan zenuen ezin zenutela beste ume bat izan, dirua ez zitzaizuela iristen. Amak, berriz, moldatuko zinetela. Kalera joan zinen berriro. Ohitura bilakatu zen ekuazio maltzur hura: alhokola + garrasiak. Arazoak izaten hasi zinen. Egun batean inoiz baino lehenago etorri zinen etxera, baina inoiz baino mozkorrago. Ama lurrera bota zenuen eta esan zenion bere erruarengatik lanetik bota zintuztela. Haur horrek arazoak besterik ez zituela ekarri. Kolpeka hasi zinen, ama lurrean lo gelditu zen arte. Ospitalera eraman zenuen gero, eta eskilaretatik erori zela esan zenien medikuei. Sendagileak albiste on bat zuen: Ama ondo zegoen. Albiste txar bat ere bazuen: Jaiotzeko bi hilabete falta zitzaizkion nire anaia hil egin zen. Aita, zuk nire anaia hil zenuen. Beldurrez begiratu zintudan orduan, eta isilik egoteko keinua egin zenidan. 

Amari gaiztoa ote zinen galdetu nion. «Ez. Maite gaitu. Orain ez du lanik eta beste pertsona bat mantentzeko dirurik ez dugu». Etxearen jabea zinen. Amaren jabea zinen. Nire jabea zinen. Jada ez zenuen nirekin jolasten. Egun osoa kanpoan ematen zenuen, eta etortzen zinenean ni gelara bidaltzen ninduzun eta amaren garrasiak entzuten nituen bertatik. Gau batetan amak indarra hartu zuen eta ni eskutik helduta etxetik alde egin behar genuela esan zizun. Asko haserretu zinen eta erosi berria zenuen pistola atera zenuen poltsikotik. Ez zenuen pentsatu, «nirekin ez bazaude ez zara inorrekin egongo». PUM. Ama lurrera erori zen. Pistola garbitu eta bere eskuan jarri zenuen, kainoia burura zuzentzen. Isilik egoteko keinua egin zenidan. 

Justiziak esan zuen zu errugabea zinela, baina nik dena ikusi nuen. Inork ez zidan sinistu. Otsoaren etxean sartu ninduten, zurekin bizitzera. Preso egin ninduzun. Gauero, gainera, alkohol kiratsa gainean zenuela nire borondatea ere preso egiten zenuen bortizkeria osoz. Puta bat nintzela esaten zenidan, nire gorputza bekatu bat zela eta larrua jotzeko besterik ez nuela balio. Zure lagun zikinekin etortzen zinenean oraindik okerragoa zen. Inolako errukirik gabe panpin bat izango banintz bezala jolasten zuten nirekin. Gizon horien izerdiarekin irrist egitera ukatzen banitzen, ohe ondoko kutxan gordetzen zenuen pistola ateratzen zenuen. Nire ahoan sartuta betiko galdera egiten zenidan: «Zer nahiago duzu jan, buztana edo bala?». Orduantxe bizitzea erabakitzen nuen, zu baino lehenago joatea ez zuelako merezi. Mendekuaren zapore goxoan pentsatzen nuen goragaleari eutsiz. Negar egiteko indarrik ere ez nuen, ama hil zenean malko guztiak lehortu baitzitzaizkidan. 

Gaur nire eskuetan dago ipuinaren amaiera. Ez duzu ohe ondoko kutxako pistola berriro ukituko. PUM. Sirena hotsak entzuten ditut. Burdinezko barra atzean preso egotea nahiko zenuke, ezta? Askatasuna kendu zenidan aspaldian, baina orain askea izango naiz. Izorrai, kabroi alena. PUM. Zure ondoan nago, zure begi irekiak nireekin elkartzen dira. Lurreko bion odolak ere bat egiten du, zure odola beti nirea izan den arren. Atea ireki da eta beltzez jantzitako pertsona batzuk sartu dira arma eskuan dutela, ikusmena iluntzen zaidan bitartean. Irribarra atera zait, betirako askea izango bainaiz. Izorrai…

No hay comentarios: