Sei hilabete pasatu dira ikastolaren urteurrenaren harira
bazkaria egingo genuela iragarri zigutenetik, eta Ikusmira honen lehen
zatia idatzi nuenetik. Aipatzen nuen badirela sekula aldatzen ez diren
gauzak, eta horietako bat da goizean gertatu zen egoera: mutilak alde
batetik eta neskak bestetik. Oroigarri gisa atera genuen argazkian ere
banaketa hori nabari da. Zorionez bazkariko mahaien formagatik parean
nor izango genuen aukeratzea ez zen erraza, eta gehienok gure konfort
gunetik atera behar izan genuen.
Alboan nituen betidanik lagunak izan ditudan I. eta G., eta parean 2
urte nituela nire «nobioa» izan zena, H., egun batean ilea txukuntzen
ari zela flekilloa moztu zidana. Eskuinera, nerabezaroan lagun min
bilakatu zen hura, U., egun ezkontzeko zorian dagoena, eta aurrerago sei
urtetan nirekin ametsak konpartitu zituen hori, M.
Zoragarria izan zen ni hain «benetako ni» ez nintzen garai haiek
gogora ekartzea, eta konprobatzea nola garai hartan ia harremanik ez
nuen horiekin egun primeran konpondu naitekeela. Zoragarria, beste
kurtsoetako jendearekin konparatzea eta zein gazte mantentzen garen
ikustea, besteek ere gurekin konparatuta berdina pentsatuko badute ere.
Txupitoa, gin-tonika, garagardoa, eta enteratu naiz halako beste
topaketa bat prestatzen hasi zela taldetxo bat, albora utzi genituen
kintadei berriz ekiteko asmoz.
Orain bai, uste dut gainditu ditudala beldurrak, eta gelako
lotsatiaren etiketa bizitza osoan garraiatu behar izan duen batentzat ez
da erraza. Esan nuen aurrekoan ere, ni asko aldatu naiz baina gauza
batzuk ez dira sekula aldatzen… eta batzuetan hori ere onerako izan
daiteke.
Garan argitaratua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario