Legazpi, duen eraikin historikoen ugaritasunagatik, burdin haranaren ardatz nagusia dela esan dezakegu. Udalerriari buruzko lehen dokumentuak 1290ekoak dira. Urte hartan Gaztelako errege Santxo IV.ak legazpiarrei Seguraren babesera gertura zitezela aholkatu zien, jauntxo feudalen erasoari ihes egiteko. 1389an Legazpi Seguraren eskura pasatu zen, eta haren babesean izan zen 1608 arte.
Burdinaren historia XI. mendean hasi zen Legazpin, mendietan zeuden haizeolekin. XIII. mendean burdinolak ibaiertzetan kokatu zituzten, indar hidraulikoa aprobetxatzeko. Ustez, Legazpin 7 burdinola zeuden baina guztietan zaharrena Mirandaola da.
XIX. mendean itxi zen Legazpiko eta Gipuzkoako azken burdinola eta honekin batera, lehen artisau-tailerrak agertzen hasi ziren. 1908an zabaldu zen horietako bat, Patricio Echeverríaren lantegia,12 langile baino ez zituela baina pixkanaka-pixkanaka herriko industriarik garrantzitsuena bihurtu zen.
Legazpiko iraganaren gunerik esanguratsuena Mirandaola parkea eta bertan dagoen ola zaharra dela argi dago. Elezaharrak dioenez, 1580ko maiatzaren 3an, Mirandaolako burdinolan zenbait gizon burdina lantzen ari ziren igandeko atsedenaldia kontuan hartu gabe. Arratsalde guztia lanean aritu ziren eta burdin asko sartu zuten sutan urtzeko baina, nahiz eta lan asko egin, 12 libratako burdin zati bat besterik ez zuten lortu. Gurutze forma zuen; Badirudi, Jainkoa haserre jarri zela igandean lan egiteagatik, eta ‘mirari’ honen omenez legazpiarrek Gurutze Sainduari eskainiko ermita bat eraiki zuten. Urtero, herriko festak amaitu ondoren, erromeria bat egiten da Mirandaola parkean, eta umeek miraria antzezten dute.
Urola garaiko tradizioa guztiz ez galtzeko 1996an Lenbur Fundazioa (Legazpi, Natura eta Burdina) sortu zen, eta honek Legazpin zehar dauden 50. hamarkadako eraikinei buruz informazioa eskaintzen du.Orain dela gutxi, “langileen ibilbidea” jarri zuten martxan eta honi esker mundu osoko bisitariak etortzen dira Legazpi ezagutzera, udan batez ere.
Herria ikustera etortzen dena bertako ondarearekin zerikusi zuzena duten zenbait eraikin ikusteko aukera izango du. Izan ere, Lenbur Fundazioak Patricio Echeverriaren langileen ohiko bizimodua berregitea lortu du 15 interes-gune bilduz. Azpiko-etxea hasiera batean burdinola bat izan zen gero paper fabrika bihurtzeko, nahiz eta gaur jatetxe bat izan. Echeveria-Aguirre etxea Legazpiko industriaren sortzaile nagusiaren etxebizitza izan zenez, ikur bat da herrian. Ekonomatoa, Etxe-Alai eta Santa Cruz pentsioa Patriciok sortu zituen langileen betebeharrak asetzeko asmoz, eta 6. gunea fabrikaren instalazioak dira. Beste gune bat langileen auzuneak dira, San Inazio auzoa hain zuzen ere. Horrez gain, zenbait eraikinen funtzioa aldatu egin da: 1969an eraikitako Sta. Teresa jesusenaren moja ikastetxea gaur egungo Olazabal institutua da, 1943an eraikitako mutilen hezkuntzarako Buen Pastor ikastetxeak orain Haztegi Ikastola du izena. Kaperauaren etxea etxe partikular bilakatu da, mediku dispentsarioa zaharren egoitza, Bikuña jauregia Lenbur Fundazioaren egoitza, eta lehen guztientzat zen ostatua berriz, kanpotik datozen ingenieruentzat da orain.
Badaude barrutik ikusi daitezkeen 3 gune ere. Hauek 50. hamarkadan ziren bezalakoak dira orain eta orduan nola bizi ziren gogoratzeko aproposak dira: Haztegi Ikastolan dauden ikasgela eta kapera, eta San Inazio auzoko etxebizitza. Honetaz aparte, burdinarekin harreman handirik ez duten baina interesgarriak diren beste eraikin batzuk ere Lenbur Fundazioaren esku daude.
Patricio Echeverriarekin batera, eta beste esparru batean, badago beste protagonista bat Legazpiko historiaren barruan. Pertsona hori Gerhard Bähr da (1900-1945). Bere gurasoak Alemaniarrak ziren baina bera Legazpin jaio zen eta bere jaioterriarekiko eta Euskararekiko maitasun sutsua erakusten zuen beti. Garai horretako aldizkarietan euskarari buruz zenbait txosten argitaratu ondoren Legazpiko euskarari buru belarri ekitea erabaki zuen. Euskal hizkuntza ondo aztertu zuen eta 1925. urtean Legazpin erabiltzen ziren aditzen, abere eta landare izenen, egurats fenomenoen… bilduma egin zuen. Nahiz eta Euskaldunen alde jo beti eta Francoren presioaren aurka egon, Hitlerren alde egin zuen Bigarren Mundu Gerran eta 45 urte zituela Berlingo defentsan hil zen. Gerhard Bähr Legazpiko euskararen bizitzan pertsonaia nagusi bat izan zen, Resurrección María de Azkuerekin zuen harremanari esker, Euskaltzaindiak euskara mota hau hobeto ezagutzea lortu zuelako.
Legazpi, eta orokorrean Burdin Harana ezagutzen ez duenari, gu bisitatzera gonbidatzen dut. Urola garaian guztientzako tokia dago eta nahi izanez gero, Euskal Herriko ondarearen zati bati buruz ikasteko oso aukera polita da. Laster arte!
(Karrerako 1. mailan euskararako egin nuen lana. Argazkia, 2006ko udan ateratakoa da Mirandaolako burdinolan.)