PUNTUAZIOA **** (5 tik) URTEA 2005 IRAUPENA 124min. HERRIALDEA Estatu Batuak ZUZENDARIA Frank Miller, Robert Rodríguez, Quentin Tarantino GIDOIA Frank Miller, Robert Rodríguez (komikia: Frank Miller) MUSIKA John Debney, Graeme Revell, Robert Rodriguez ARGAZKIA Robert Rodriguez AKTOREEN ZERRENDA Bruce Willis, Jessica Alba, Mickey Rourke, Rosario Dawson, Elijah Wood, Benicio Del Toro, Alexis Bledel, Michael Clarke Duncan, Carla Gugino, Josh Hartnett, Michael Madsen, Jaime King, Brittany Murphy, Clive Owen, Nick Stahl, Rutger Hauer PRODUKTORA Troublemaker studios WEBGUNE OFIZIALA www.sincitythemovie.com GENEROA Akzioa. Zinema beltza.
SINOPSIA Sin City polizia ustelduz eta emakume erakargarriz beteriko hiria da. Elkar nahasten diren hiru istorioen protagonistek ezaugarri komun bat dute: mendekuaren bidez ongia egiten saiatzea. Horien artean Hartigan dugu (Bruce Willis) Sin City-ko azken polizia zintzoa da, senatari baten seme pederastaren eskuetan dagoen neskatila bat salbatu nahi duena. Denborak ezusteko emaitzak ekarriko ditu. Marvek (Mickey Rourke) bizitzan maitatu duen neska bakarraren hiltzailea nor den aurkitu eta justizia egin nahi du. Dwight berriz (Clive Owen), nahi gabe arazoetan sartzen den ikerlari bat da. Polizia baten heriotza eta gero, ahal duen guztia egin beharko du bere bizitza eta lagunena salbatzeko.
Robert Rodriguezek bere lehen filma abiapuntutzat hartuta erakutsi zuen biolentzia maite zuela. Bere kabuz grabatu, zuzendu eta produzitu zuen “el mariachi”tik hasita, honen jarraipen diren “Desperado” eta “The mexican”ekin jarraituz, eta Tarantinoren gidoian oinarritutako “From Dusk Till Down”rekin amaituz. Robert Rodriguezek eta Quentin Tarantinok bikote perfektua osatzen dute. Hauen magia zera da, momentu gogorrenak umoretsuak egiteko gaitasuna, eta nazka aurpegia jartzen duzun bitartean irribarrea ere ateratzea. Sin City B saileko film bat komertziala egiteko saiakera zapuztua dela uste dut. ‘Nahi eta ezin’ batean gelditu dira zuzendariak. Gure gizartean gehienek biolentzia handiko filmak gogorregiak direla uste dute, eta Sin City-rekin gore estilo hori masifikatu nahi izan zuten. Sorkuntza geniala da, baina jende gutxik gozatzeko modukoa. Hala ere, zuzendariek elkarlanean ondo moldatzen zirela ikusi zuten eta berriro elkartzea erabaki zuten, B saileko benetako film batekin ausartzeko.Grind House-eko bi filmetan, “Planet Terror” eta “Death Proof”, nahi zutena egiteari ekin zioten. Oraingo honetan bai, tripak eta odola non nahi.
Rodriguezekin duen feellingaz aparte, ez da harritzekoa Tarantino Sin City-ko zuzendari gonbidatua izatea, Frank Miller bere beste filmetan oinarritu baitzen komikia egiterakoan. Paperean iluntasun eta argiz beteriko zuribeltzeko irudiak banan-banan transmititu ditu Robert Rodriguezek filmera, adaptazio bat baino, mugimenduzko komiki bilakatuz. Kolore faltak istorioan zuzenean sartzea ahalbidetzen digu, eta konturatu gabe komikiaren aurrean aurkitzen gara orriak pasatzen. Bat batean koloreak sartzen ditu, paperean baino sarriago, eta nahiz eta batzuetan urdin, hori, gorri horiek lagungarri izan, beste batzuetan despistatu egiten dute. Horregatik, Benicio del Torok esaten duenari adi egon beharrean Alexis Bledelren begi urdinei begira gelditzeko arriskua du ikusleak. Hala ere, odola zuria izateak ketchup jaialdi bat izango litzakeena leuntzen du. Pena bat da ximenki zaindutako xehetasun guztiek garrantzia galtzea gaizki aukeratutako fondoen erruz. Batzuetan gehiegi nabari da cromakeya erabili dela, eta benetako dekoratuak faltan botatzen dira.
Gidoiak armiarma sare bat bezala josten ditu elkarren artean zerikusirik ez duten hiru istorio, gainontzeko istorioetako pertsonaiek besteetan kameoak eginez. Honek koherentzia kutxu bat ematen dio filmari eta Sin City-ko hiritar sentiarazten du ikuslea. Dialogoak ere zainduak daude eta komikiaren fideltasuna agerian gelditzen da. Off ahots gehiegi agian, paperean ondo gelditzen dena, baina filmean nekagarri suertatzen dena. Lurrera begiratuta ere istorioa ulertu egingo genuke entzunezko ipuin bat izango balitz bezala.
Aktoreen aukeraketa bikaina da, baina Robert Rodriguezek ez du gehiegi arriskatu. Famatuz beteriko poltsa batean eskua sartu eta pertsonaiak erabaki dituela dirudi, filma luxuzko koktel erakargarri bilakatuz. Hain beste aktore on egoteak esperientzia gutxiago dutenen ahultasunak agerian uztea dakar. Adibidez, Bruce Willisen interpretazioaren ondoan Jessica Albarenak ez du konbentzitzen. Clive Owenek ere bere pertsonaiaren paperean lan dotorea egiten du, baina Benicio del Toro kide duela bere argia itzali egiten da. Mickey Rourkek eta Nick Stahlek ere oso interpretazio polita egiten dute, pertsonaiaren estetika zehatza ematean aurpegien adierazkortasuna galtzen duten arren.
Filma oso ona da arratsalde entretenigarri bat pasatzeko. Ikusleak hiru istorio izugarri ezagutuko ditu pare bat ordutan. Eszenaz-eszenaz kolpeez gozatuko du, eta noizean behin egoeraren ilogikotasunagatik barre egingo du. Pertsona bakoitzean dagoen botere berezirik gabeko supereroia edo gaizkilea ikusiko du, baina era berean euren sentimenduekin identifikatuko da. Filma gustatu edo ez, ahaztezina da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario