Garagardo artean ideia bat bota zidaten. Kazetaria
izanik nire ametsa atzerrira joatea eta bertan nire jardunagatik ezaguna
izatea beharko litzateke, eta horregatik etxean nire izena goraipatzea.
Eta ulertu nuen zer esan nahi zuten. Polita izan behar da ezustean atzerritik
dei bat jasotzea, bizitza eroso bat eramaten lagunduko didan lanpostu
bat eskainiz. Erraza da neure burua imaginatzea Pulitzer saria jasotzen
eta ondoren idaztearen plazer hutsagatik zutabe bat astean publikatzearekin
konformatzea. Nire sinadura ogia ordaintzeko adina ezaguna izango da.
Liburu bat idatziko dut eta laster, J.K.Rowlingen antzera ibiliko naiz
aleak sinatzen, liburudendetan ilarak sortzen eta Warner Brosen eskaintzak
ukatzen Disneyri eskubideak saltzeko. Amets polita, noski, lotan mila
bider dastatzeko modukoa.
Baina niretzat nahikoa da, eta askoz politagoa ere,
nire herritik nire herriarentzat idaztea, atzerrira begira ahal dudanean
(bidaiatzeko pasioa ezin dut ahaztu), baina oinak etxean ditudala. Berdin
zait nire izena ezaguna ez izatea eta egunez egun lan munduan toki bat
izatea merezi dudala erakusteko borrokatu behar izatea. Niretzat guzti
horren ordainik politena da ondokoek lan txukuna egin dudala esaten
didatenean, proiektu berriak abian jartzen direnean nire iritzia kontuan
hartzen dutenean, telefonoa altxatu eta esker hitzak entzuten ditudanean.
Gutxitan izaten da, baina horiek baloratzen ditut nik. Ohore bat da
hemen idazten dena atzerrian irakurtzea (eta ez alderantziz), eta halako
batean, teknologia berriek eskaintzen diguten nazioartekotasunari esker
munduko edozein txokotan nire izenaren azpian dagoena irakurri ahal
izatea.
Hori da nire benetako ametsa, ohetik kanpo amesten
diren horietakoa, eta pausoz pauso lortu daitekena. Beti esan didate
ez naizela handinahiegia, baina nire anbizioa horrekin asetuko nuke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario