Kesha abeslariaren inguruko dokumental sorta moduko
bat ari dira botatzen MTV. Egia da neska berezi xamarra dela, baina
berezia izatea txarra al da? askok eta askok horregatik kritikatzen dute,
berezia delako, gainontzekoen bide berdina jarraitzen ez duelako. Lady
Gaga ere seguraski horregatik kritikatzen dute, baina berari berdin
zaio eta horregatik ohikoa ez den zerbait egiten duenean "gagakeria"
bat dela diote, eta pakean uzten dute. Baina Kesha haserre bizian jartzen
da, negar egiten du, txikitan jasan behar izan zuena oroituz.
Keshari eskolan bullying egiten zioten, berezia
izateagatik, desberdin. Ba niretzat desberdin izatea ez da gauza txarra.
Izan ere, gainontzekoak bezalakoa naizela esaten badidate iraindu egiten
naute. Berezia naizela pentsatzea gustatzen zait, eta agian nire nolakotasun
hori txikitatik onartu dudalako ez didate bullying egin. Oso erraza
da korrontetik ateratzen den horrekin sartzea, masak indarra ematen
digu eta bestea mintzea lortu dugula ikustean are indartsuago sentitzen
gara, korronteko gainontzeko pertsona arrunten txaloekin batera.
Argi izan dut beti nahi duenak ez zaituela mintzen,
ahal duenak baizik. Eta horregatik korronteari kontra egiteagatik nirekin
sartu diren bakoitzean ez diet jaramonik egin eta bide beretik jarraitu
dut. Ez ikusiarenak sentitzean beste norbaiten kontra hasten ziren.
Eta esan behar dut bullying jasan izan duten pertsona horiek direla,
askotan, nire gustokoak. Bereziak dira, beti zapalduak izan direlako
edozein egoerari aurrera egiteko gai dira, euren lagunen defendatzaile
sutsuak, denek muzin egiten zietenean bereziki estimatzen baitzuten
korrontetik irten eta eskua eskaintzen zion norbait zegoenean, zeren
bullyinga bakar batzuek egiten dute baina korronteko gainontzekoek ematen
diote balioa.
Honekin ez dut salatu nahi korronteko jendea, ezta
kritikei jaramonik ez egitea lortu ez dutenei. Lehenek, korrontetik ateratzean
euren burua arriskuan jartzeko beldur dira, erosotasunetik irten eta
kolpe-zaku bilakatzea ez da inoren gustokoa. Bigarrenek, ordea, nahikoa
dute egunerokotasunari aurre egitearekin eta inguratzen gaituen gizarte
"sozialitario" honetatik ihes egitea ez da batere erraza.
Bullyinga beti egon da eta beti egongo da, baina
iruditzen zait hori pairatzeko tresna oso egokia helduen esku dagoela.
Etxean umeek ikasi behar dute pertsonak ez garela berdinak, eta aniztasuna
ederra dela, gure nortasuna gauza guztien gainetik jarri behar dugula
beti eta honela, baliteke norbaiten gustokoa ez izatea, baina beste
norbait gure laguna izango da. Beti izango da zapaltzaileren bat, noski,
baina gainontzekoek hezkuntza egokia izan badute ez diote korronteari
jarraituko eta akosatzaileak ez du indarrik izango. Irakasleek ere paper
garrantzitsua dute, zeren nire garaian behintzat, handikeri bat ikusten
zutenean buelta ematen zuten, ezer ikusi izan ez balute bezala. Bullyinga
beraien aurrean egiten zen eta, asko jota, zapaltzaileari errieta egiten
zioten besterik gabe, horren erroan dagoen segurtasun faltan erreparatu
gabe.
Bullying egin dutenak hazi egiten dira, eta segurtasun
falta guzti horiek indartu egiten dira askotan, handikeriak jota begirune
guztia galduta astakirten batzuk dira mundu guztiarentzat. Korrontean
zeudenak ere heldutu egiten dira, eta orduan konturatzen dira zenbat
min egin zuten. Eta bullyinga jasan zutenak pertsona zoragarriak bilakatzen
dira (ez beti).
Ez dut esan nahi nire lagun taldeko denek bullying
jasan genuenik, baina batzuek bai. Gainontzekoak ere berezi xamarrak
gara. Esaten den bezela, "Dios los crea y ellos se juntan".
Ba hori. Zaratatsuak, irrifartsuak, dantzariak, kantariak, koloretsuak
eta korrontearen kontra dabilen koadrila bat osatzen dugu. Batzuk asapalditik
ezagutzen dugu elkar, beste batzuk, ordea, duela gutxi ezagutu
ginen. Irekiak ere bagara, ez diogu inorri aterik ixten eta, azkenean,
gu bezalako bizitzaren ikuspegia dutenekin elkartzen gara. Homosexualak,
artistak, autodidaktak, taburik gabeak eta modatik nahiko aldenduak.
Friki batzuk? agian. Bereziak? noski, ta eskerrak! Arruntasuna hain
aspergarria da...
Zuei, prexioxos, momentazoengatik!
No hay comentarios:
Publicar un comentario