Egungo gazteak tontotuta daudela aipatzen genuen igandean,
Kilometroetan, 14.00etarako gaztetxo pila bat tente ezin mantendurik
ikusi genituenean. Gu jada gazteak izango ez bagina bezala eta garai
horiek pasatu izan ez bagenitu bezala. Zumarragarako bidean, autobusean,
neskatxa kuadrilla baten erdian eseri behar izan genuen. Denak
mugikorrarekin zebiltzan, selfieak egiten, elkarri erakusten, eta euren
adineko mutilak busean sartzean garrasika. Gu isilik, panoramari begira.
Irribarre batek ihes egin zidan, bizitza erdia baino gehiago pasatu
delako ni euren postuan nengoenetik baina, hala ere, gertu sentitzen
ditudalako urte haiek. Hormonak dantzan, barre kontrolaezinak,
arrazoirik gabeko lotsak, heldu izatearen sentsazioa.
Gutako batek zioen haien mobil puskak ez genituela guk, egungo
gaztetxoak gu baino hobeto biziko balira bezala. Baina guk ez genuen
halakorik, existitzen ez zirelako. Nik 14 urterekin izan nuen lehen
sakelako telefonoa, SMSak bidaltzeko eta «tokeak» emateko erabiltzen
nuena. Zuri-beltzeko pantaila, gomazko botoiak eta antena zituen harri
puska batek baino gehiago pisatzen zuen tramankulu hark, baina puntako
teknologia zen orduan eta kuadrillako guztiok genuen bat.
Kilometroetako Santa Barbarako gunean, gazteei eskainitakoan, tarta
jaten ari ginela, ondoan erabat mozkortuta zeuden neska batzuk eseri
ziren. Guk ere noizbait kalimotxoa nahiago izan genuen txokolatea baino.
Eman diezaiegun gazteei aukera bat euren kabuz eskarmentatzeko eta
heltzeko. Ez dira gu baino inozoagoak; oraindik gauza asko ikasi behar
dituzte, besterik ez.
Garan argitaratua
No hay comentarios:
Publicar un comentario