sábado, 7 de enero de 2012

You basque, so...

Gaur  Euskal Herrian egon den martxarik handiena ospatuko da Bilbon. Herrialdean azken aldian emandako pausorik garrantzitsuena izango dela uste dut. Orain arte garrantzitsuena gertatu zenean nik galdu egin nuen.

Badago Facebookeko talde bat "Lehendakaris que se pierden la paz por estar de interrail" deitzen dena. Gehienei grazia egiten die, baina niri nik ere une hura galdu nuela gogorarazten dit.


Hala ere badauka bere alde ona. Hemendik 40 urtetara galdetuko banizueke non zeundeten bake prozesua hasi zenean, erantzuteko gai izango zinatekete? Ba ni bai. Bulgarian nengoen, Stara Zagorako spa baten jatetxean txokolatezko sufle bat jaten. Nire ezkerrean alemaniar gatzazale bat alboan zuen ekonomia ministeritza bulgarriarreko langile batekin diskutitzen. Nor da hobea, Messi edo CR7?


Nire eskubian austriar jator bat, nirekin txutxumutxuka, parean zuen bere mutil bulgarriarra zein zoragarria zen kontatzen. Gainontzeko mahaikideak alemanez hitz egiten entzuteaz ni baino nazkatuagoa zegoen neska katalana aurrean nuen, ardo zuriarekin topetan. 


Hantxe zeuden gurekin ere 80 urteko aitona, animalien soinuak eginez komunikatzen zen argazkilari xelebrea, emakume alkoholikoa, Urdangarin lagun zuen pedantea eta «kaixo» ordez «you basque, so ETA» esan zidan tripontzi erraldoia. Den denak alemaniarrak. 


Ezkerrean nuen fauna alde batera utzita eskubiko elkarrizketetan murgildu nintzen, burua neka-neka eginda. Bat-batean sms bat. Urdangarinen lagunak, bidai osoan zehar begirada lizunak eta lekuz kanpoko komentarioak botatzen ibili ostean bazuen, antza, aski konfidantza niri lagun moduan zuzentzeko: «es tu novio?», esan zidan Chilen ikasitako gaztelania perfektuan. 


Kasurik ez nion egin, eta mezua irakurri nuen: «Entzun dituzu albisteak? agiria, uzten dutela esanez». Irribarra ahoan nuen eta burua altxatu ostean: «sí… es tu novio!». Nik ere ardo zuriarekin egin nuen topa eta katalanari azaldu nion gertatzen zena, erdi izkutuka.


«Guntenfuken Gadaffür, Ja, ja, ja!», –edo horrelako zerbait– esan zuen halako batean tripontzi erraldoiak. Eta denak oso emozionatuta hitz egiten hasi ziren. Katalana eta ni elkarri begira gelditu ginen. Topa egin beharrean geuden berriro, Urdangarinen laguna gutaz errukitu eta esan zigunean «Gadaffi está muerto». Gure algarak espero ei zituen, edo beste topa bat. Eskubikoekin txutxumutxuka jarraitzea nahiago izan genuen.


Afaria amaitu eta gelara joatea erabaki genuen. Euronews jarri genuen eta han zeuden Gadaffiren erahilketaren irudi bortitzak. Sentimendu kontrajarriak… baina beste kontu bat da hori. Jarraian irakurri nuen azpiko markesina mugikorrean «ETA's ceasefire». Hasi ziren botatzen Aieteko irudiak eta gero Txelui Moreno Miramar jauregiaren parean, euskaraz, gainetik ingeleseko hitzak zituela. Egoera arraroa. Bulgarian, laster gertatuko zela espero nuen albiste bat entzuten, ingelesez. Garak idatzitako esaldiak atzerriko hizkuntzara itzulita, mantxeta pantailatik dantzan zebilela.


Lagunak ipad-a piztu zuen eta Gararen webgunean sartu ginen xehetasunak irakurtzeko. Nik ez nion ezer esan baina berak bazekien nora jo. «Joder! pero si han cambiado hasta el formato!». Han ibili nintzen gora eta behera, behatzekin ezin asmatu, non klikatu ez jakinda. Pixka bat irakurri, amarekin hitz egin eta ohera joan nintzen.


Hurrengo goizean sartu ginen beste herri batera eramango gintuen betiko furgonetan, betiko jendearekin. Pare bat ordu bidean eman eta gero, «Gadaffür» gora, «Gadaffür» behera, Urdangarinen lagunak begiak gainetik kentzen ez zizkidala nabaritu nuen. Xuxurla batean «estruntxen basquen kronen», –edo horrelako zerbait– esan zien gainontzekoei. Denak niri begira. «You basque!», esan zidan tripontzi erraldoiak zerbait kontatzeko esperoan. Bidai osoan ondo trebatu nintzen tutik ulertu gabe irribar egiten, eta orduan estrategia berdina jarraitzea erabaki nuen. Irribar bat, besterik ez. Bakean utzi ninduten.

No hay comentarios: