lunes, 1 de septiembre de 2025

Itzulera

Ongi etorri niri, nire etxera. Home sweet home. Aspaldi ez dudala ezer idazten. Hain justu, bloga alde batera utzi nuen paperera eramateko. Bai, liburu bat argitaratu dut. «Liburu bat idatzi dut» esan behar nuen, baina egia esan, liburuko testu gehienak aspaldi idatzi nituen, blog honetan. Espazio hau nire pasadizo eta irudimenaren lekuko izan da urte askotan, eta azkenean guzti hori materializatu egin zen.

2023an izan zen. Koldo Landaluze lankidearen eskutik joan nintzen, eta ametsik politenetan ere imaginatuko ez nuken lana osatu genuen, hilabete luze askoren ostean. Mimo handiz egindako helduentzako ipuin liburu ilustratua zen "Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak". Tapa gogorra, tipografia zaindua eta kolore biziz. 
 

Ateratako ale guztiak (pare bat baditut gordeta, bazpare) saldu ziren, gehienak lagun eta ezagun artean. Nire bihotza guztiekin zabaltzeko modua izan zen. Beste tirada bat ateratzeko gogoz gelditu nintzen paperaren prezioaren igoerak liburuari jarritako prezio apuratuarekin ez zetorrelako bat. Baina batez ere, 2024an liburua erdi umezurtz gelditu zelako. Ni hemen nago, hau idazten, beraz, imaginatu dezakezue KL dela hil zena. Gure liburua izan zen bere azken lana. Sentsatzioa daukat elkarrizketa asko utzi zituela pendiente. Ez nintzen eroso sentitzen liburuari berriro bonboa ematen bera ez bazegoen. Beraz, momentuz behintzat, eta bere omenezko zerbait egiteko ez bada, gure "Zirriborroak" hortxe geldituko dira, 200 pertsonen apalak laranjaz bustitzen.

Gustatuko litzaidake nire bizitzaren erritmoa berreskuratzen. Galdetzen didate ea beste liburu bat egiten animatuko nintzateke, eta baietz esaten dut, baina horretarako idazteko denbora behar dut. Aukeratu nituen 13 ipuin horien atzean beste hamarnaka deskartatutako testu daude, eta eskainitako denbora asko, orain ez dudana. Eta mimo asko, bai; mimo berdina eskaintzeko gai ez banaiz, ez dut beste libururik nahi. Gainera, nola osatu beste liburu bat irudiak sortu zituena eta nire testuak hain ongi ulertzen zituena falta bada? 

Beraz, uste dut zerbait gehiago argitaratzdn badut, ziurrenik haur liburuak izango dira, baditudalako pare bat ipuin idatziak. Ilustratzailea falta zait, baina!!

No hay comentarios: