domingo, 11 de mayo de 2008

Azterketak

Nik beti esan izan dut ikasleen bizitza, entregatu beharreko lanak gora behera, oporretan bizitzearen parekoa dela. 4 hilabetez lasai ibiltzen gara. Gero bat batean eta konturatu gabe azterketen datak argitaratzen dituzte, eta orduan konturatzen zara 4 hilabetetan zehar ez duzula ezer egin, eta orain oso denbora gutxitan azken momentuko lanak egin behar dituzula, apunte guztiak bildu, eta hasieratik ikasten hasi.


Orduan urduri jartzen zara "zergatik ez nintzen lehenago hasi" esanez. Egunak pasatuz doaz baina ez duzu ezer aurreratzen. Baliteke 4 hilabetetan plan zoragarririk ez egotea zure agendan, baina egon lasai, zeren orain ikasi egin behar duzula milaka jai planteatuko baitizkizute. Orduan balantza batean jartzen duzu: ondo pasatu edo ikasi. Bueno, pixka bat ateratzeagatik ez da ezer gertatzen ez zara egun osoan ikasten egongo... eta orduan atera egiten zara. Eta hurrengo egunean ezin duzu ikasi nekatuta zaudelako, egingo duzu hurrengo egunean.


Horrela egunak aurrera doaz, eta konturatzen zarenerako lehenengo azterketa hemendik 2 egunetara da, ez duzu ezer ikasi eta gainditzeko itxaropen guztiak galdu dituzu. Orduan gau ta egunez sartzen zara zure gelan ikasi ta ikasi, ia jan gabe, bertan sartzera ausartzen den edozein zaunkaka botaz, orrialdeak zenbatuz ea noiz bukatuko den txapa hori...


Azterketak iristen dira, hilabete latza benetan. Urduritasuna. Zure buruarengan konfidantza. Baina hor datoz klaseko jakintsuak. Den dena ikasi zuten duela egun asko. Den dena dakite, eta zu hor zaude, zure gainazaleko irakurketan fede guztia jartzen.
Gelan sartzen zara eta atzekaldean esertzen zara, zeren zuk ez duzu kopiatzen baina atzean errazagoa da kopiatzea, eta ondokoak hizketan hasten badira baliteke zuri ere informazio baliagarria iristea. Gauza da atzean esertzen diren guztiak zure egoera berdinean daudela eta azkenean urduritasuna areagotzeko besterik ez du balio. Kaka!


Galderak irakurtzen dituzu eta ez dakizu ezer erantzuten. Aurrekoak jo ta ke ari dira orri gehiago hartu eta betetzen. Eta zuk oraindik zuria duzu. Beno, izena idatzi beharko duzu behintzat... Zure ondokoak ere berdin daude. Baten batek txuleta atera du eta izerdia duelarik kopiatzen saiatzen da.

Orduan berriro begiratzen duzu zure orria. Zuriz jarraitzen du. Irakaslea gerturatu egiten da eta zerbait idazteko garaia dela uste duzu. Ez dakizu nola, martxa hartzen duzu eta asko idazten duzu. Ongi ala gaizki, asko. Pozik ateratzen zara "beno, behintzat idatzi dut zerbait". Azterketa guztiak amaitzean urte osoko momentu gozoena dator. Aste batzuetan klasean ez da ezer egiten, eta irakasleak lanpetuta dabiltza zu eta zure antzekoek idatzitako tontakeriak zuzentzen.

Egun batean zurrumurrua entzuten duzu klasean. Notak atera dira eta suspentso asko daude. Urduri jartzen zara berriro. Ez dakizu zergatik, azken finean zuk ez duzu ezer galtzeko, ez zenuen ia ikasi. Hor doaz jakintsuak notak begiratzera. "zer? 9 bat bakarrik??? ez da bidezkoaaaa". Jakintsu guztiak joan direnean gainontzekoak beldurrez gerturatzen zarete notak begiratzea. Batzuk "tooooma" esanez poza adierazten dute, beste batzuek barre urduriaz eta etxipen keinuaz irailerako duten ikasgaia gehitzen dute zerrendara. Zu geroz eta urduriago baina ezinbestean nottara gerturatzen zara, eta hor ikusten duzu, 5 bat. "ai amaaaaa, hau bai zorte onaaaaa!" eta 5 horrek jakintsuen 9a baino zapore hobeagoa du. Ez dakizu mirari baten kontua izan den edo zuk idatzitakoa irakasteari grazia egin dion edo nota jartzerakoak konfunditu egin den, ezin duzu ulertu baina hor dago gainditua.

Zorte horrekin, kurtso amaieran asignatura bakar bat gelditzen zaizu, ez dago gaizki 4 hilabetetan ezer egin ez duzula kontuan izanda. Beraz, datorren 4 hilabetetan ezer egin gabe egongo zara, azterketen datak jartzen dituztenean urduri jarriko zara, jai asko planteatuko dizkizute eta ez duzu ikasiko, eta azken egunetan ez duzu ezer jango ez lorik egingo. Azterketetan atzean eseriko zara eta ezer ez dakien bakarra ez zarela konprobatuko duzu. Eta berriro zikloa hastera.

Beraz, bi talde daude: kurtso hasieratik ikasten dutenak, ondo pasatzeko denborarik ez dutenak baina azterketetan beti nota onak ateratzen dituztenak, edo, kurtso osoan oporretan bezala daudenak, munduko juergista handienak direnak eta azterketetan benetan sufritzen dutenak.

Niri lehenengo taldekoa izatea gustatuko litzaidake. Izan ere, kurtso berri bat hasten denean horrelakoa naiz. Baina laister aspertzen naiz eta bigarren taldera pasatzen naiz... bueno, behintzat juergak botatzen ditut. Ikasi ez hainbeste, baina tira, beti sakrifizioak egin behar dira.

Eta orain banoa kalera, azterketak hemendik 3 astetara hasten dira eta nire agenda jaiez betetzen ari da.