lunes, 8 de julio de 2013

Arraroak izan gaitezen normaltasunaren hormak hausteko

Kesha abeslariaren inguruko dokumental sorta moduko bat ari dira botatzen MTV. Egia da neska berezi xamarra dela, baina berezia izatea txarra al da? askok eta askok horregatik kritikatzen dute, berezia delako, gainontzekoen bide berdina jarraitzen ez duelako. Lady Gaga ere seguraski horregatik kritikatzen dute, baina berari berdin zaio eta horregatik ohikoa ez den zerbait egiten duenean "gagakeria" bat dela diote, eta pakean uzten dute. Baina Kesha haserre bizian jartzen da, negar egiten du, txikitan jasan behar izan zuena oroituz.

Keshari eskolan bullying egiten zioten, berezia izateagatik, desberdin. Ba niretzat desberdin izatea ez da gauza txarra. Izan ere, gainontzekoak bezalakoa naizela esaten badidate iraindu egiten naute. Berezia naizela pentsatzea gustatzen zait, eta agian nire nolakotasun hori txikitatik onartu dudalako ez didate bullying egin. Oso erraza da korrontetik ateratzen den horrekin sartzea, masak indarra ematen digu eta bestea mintzea lortu dugula ikustean are indartsuago sentitzen gara, korronteko gainontzeko pertsona arrunten txaloekin batera.

Argi izan dut beti nahi duenak ez zaituela mintzen, ahal duenak baizik. Eta horregatik korronteari kontra egiteagatik nirekin sartu diren bakoitzean ez diet jaramonik egin eta bide beretik jarraitu dut. Ez ikusiarenak sentitzean beste norbaiten kontra hasten ziren. Eta esan behar dut bullying jasan izan duten pertsona horiek direla, askotan, nire gustokoak. Bereziak dira, beti zapalduak izan direlako edozein egoerari aurrera egiteko gai dira, euren lagunen defendatzaile sutsuak, denek muzin egiten zietenean bereziki estimatzen baitzuten korrontetik irten eta eskua eskaintzen zion norbait zegoenean, zeren bullyinga bakar batzuek egiten dute baina korronteko gainontzekoek ematen diote balioa.

Honekin ez dut salatu nahi korronteko jendea, ezta kritikei jaramonik ez egitea lortu ez dutenei. Lehenek, korrontetik ateratzean euren burua arriskuan jartzeko beldur dira, erosotasunetik irten eta kolpe-zaku bilakatzea ez da inoren gustokoa. Bigarrenek, ordea, nahikoa dute egunerokotasunari aurre egitearekin eta inguratzen gaituen gizarte "sozialitario" honetatik ihes egitea ez da batere erraza.

Bullyinga beti egon da eta beti egongo da, baina iruditzen zait hori pairatzeko tresna oso egokia helduen esku dagoela. Etxean umeek ikasi behar dute pertsonak ez garela berdinak, eta aniztasuna ederra dela, gure nortasuna gauza guztien gainetik jarri behar dugula beti eta honela, baliteke norbaiten gustokoa ez izatea, baina beste norbait gure laguna izango da. Beti izango da zapaltzaileren bat, noski, baina gainontzekoek hezkuntza egokia izan badute ez diote korronteari jarraituko eta akosatzaileak ez du indarrik izango. Irakasleek ere paper garrantzitsua dute, zeren nire garaian behintzat, handikeri bat ikusten zutenean buelta ematen zuten, ezer ikusi izan ez balute bezala. Bullyinga beraien aurrean egiten zen eta, asko jota, zapaltzaileari errieta egiten zioten besterik gabe, horren erroan dagoen segurtasun faltan erreparatu gabe.

Bullying egin dutenak hazi egiten dira, eta segurtasun falta guzti horiek indartu egiten dira askotan, handikeriak jota begirune guztia galduta astakirten batzuk dira mundu guztiarentzat. Korrontean zeudenak ere heldutu egiten dira, eta orduan konturatzen dira zenbat min egin zuten. Eta bullyinga jasan zutenak pertsona zoragarriak bilakatzen dira (ez beti).

Ez dut esan nahi nire lagun taldeko denek bullying jasan genuenik, baina batzuek bai. Gainontzekoak ere berezi xamarrak gara. Esaten den bezela, "Dios los crea y ellos se juntan". Ba hori. Zaratatsuak, irrifartsuak, dantzariak, kantariak, koloretsuak eta korrontearen kontra dabilen koadrila bat osatzen dugu. Batzuk asapalditik ezagutzen dugu elkar, beste batzuk, ordea, duela gutxi ezagutu ginen. Irekiak ere bagara, ez diogu inorri aterik ixten eta, azkenean, gu bezalako bizitzaren ikuspegia dutenekin elkartzen gara. Homosexualak, artistak, autodidaktak, taburik gabeak eta modatik nahiko aldenduak. Friki batzuk? agian. Bereziak? noski, ta eskerrak! Arruntasuna hain aspergarria da...

Zuei, prexioxos, momentazoengatik!

No hay comentarios: