miércoles, 16 de marzo de 2016

Gizonak eta emakumeak belar berbera zapaltzen

Niretzat surfa kostaldeko edozein herritan paseatzen nabilenean ikusten dudan hori besterik ez da. Ados, ez naiz surfean aditua, baina ez da beharrezkoa Zarauzko Surf Pro probaren itzulera albiste ona dela aitortzeko. Eta hobea iruditzen zait emakumeentzat ere pareko proba bat antolatuko dutela jakin ondoren. Pixkanaka, emakumeak kirolaren aurreko lerrora salto egiten ari dira. 

Estatu espainolean oraindik kosta egiten da, adibidez, neskez soilik osatutako eskalatzaile taldeak ikustea. Neskak ikusten dira, bai, baina mutilez inguratuta gehienetan. Estatu frantsesean, ordea, ohikoa da neska taldeak ikustea eta joera hau gurera etorriko den itxaropenik badut. Goi mailetan, eskalatzaile ospetsu gehienak gizonak diren arren, puntako emakume ugari daude. Gizonek emakumeak txalotzen dituzte eta beraietaz harro daude.
Horrelako jarreren falta sumatzen dut «kirol erregean». Lehen mailan jokatzen duen futbolari bat dugu herrian. Athleticeko jokalaria da. Profesionala denetik ez du Gaztetxeak antolatzen duen Futbol Zazpi Txapelketan parte hartzen, baina iaz ohorezko sakea egiteko eskatu zioten. Duela gutxi hasi dira Legazpin bere lorpenak aitortzen. 

Bere izena Irene da, lehoi eme bat. Askotan galdetzen diot neure buruari zer gertatuko litzatekeen Irene mutila balitz. Bere izena eramango lukeen peña bat egongo litzateke seguruenik. Pena ematen dit San Mameseko belarra gizonen oinentzat besterik ez izateak, neskek duintasun handiz zapalduko luketelako, utzi dieten partida gutxi horietan egin duten bezala.

Garan argitaratua.

No hay comentarios: