martes, 11 de julio de 2017

Jaiak eztanda egiten duen bitartean...

Duela gutxi, tupper artean, iruindarren eta sanferminen gaia atera zen. Urte osoa ematen dute aste honen zain eta uztailaren 6a iristen denean, jaiak eztanda egiten duenean, hobe duzu haietaz ahaztu, beraiek mundu osoaz ahaztuko baitira. 

Donostiako erredakzioan pentsatzen hasi ginen, ba ote dagoen halako beste festarik besteok ere gogoz biziz bizi duguna. Eta bai, nork bere herri edo auzoko jaiak ere gogoz itxaroten ditu, baina sanferminek badute plus bat: onerako edo txarrerako, mundu mailan ezagunak diren festak dira, mundu mailan ezagunak diren Euskal Herriko festak!
Nik neuk ere gozatu izan ditut belaunetarainoko zikinkeriaz betetako praka zurien gauak. Eta orain, parranda jendetsuak baztertzen hasi naizen honetan, egunero 7.55ean telebistaren aurrean egoten naiz, kafesnea eskuan, entzierroan koloretako kamisetak janzten dituztenak kritikatzen. 

Lankide donostiarrak esan zuen urteko egutegi berria ematen digutenean egiten duen lehenengo gauza San Sebastian eguna libratzen ote duen begiratzea dela. Nik ere berdina egiten dut inauteriekin eta auzoko jaiekin. Eta zer diozue oporrez? Hilabete lehenago hasten gara egunak zenbatzen.

Baina iruditzen zait etorkizunean bizi garela askotan, oraina disfrutatu gabe. Konpromiso bat hartu nahi dut: eguneko gauza txikietan erreparatzen saiatuko naiz. Afalosteko infusioa, hurrezko izozkia, lur bustiaren usaina, gurasoekin aperitiboa, besarkada bat, lagunarteko barreak. Eta iritsiko dira berriro sanferminak. Presarik ez izan. 

GARAn argitaratua

No hay comentarios: