viernes, 1 de marzo de 2013

Gorputza gurtuz

Gorputzarekiko kultu handiegia ez ote dagoen galdetzen diot neure buruari etengabe. Kirola egin behar dela diote baina gimnasioan goizero matxakatzen den horrek kotxea behar du edonora joateko. Osasuntsu jan behar dela, eta fruta gehien jaten duenak sekulako atrakoiak hartzen ditu aitzaki bat duen bakoitzean.

Badago, noski, pentsamolde horrekin koherentea denik eta horiek nire errespetu osoa dute, nik inoiz ezin izango dudalako hori egin. Baina ezin ditut serio hartu zenbaiten kexuak, kirola egin eta fruta asko jan arren kiloak soberan dituzten horienak, badakidalako "bizitza osasuntsu" hori ez dela benetakoa.

Ni ez naiz batere zaintzen. Ez dut kirolik egiten eta ez dut soberan osasuntsu jaten, eta kilotxoren bat kenduko banuke ere, ez naiz horrekin agobiatzen. Genetika lagun dut, momentuz, baina argi daukat noizbait kirola+fruta dinamika horretan sartuko banintz koherentea izango nintzela. Iruditzen zait aste osoan kirol asko egitea, ur asko edatea, frutak jatea, zuri begira dagoen txokolate zati hori ez dastatzea… ez duela ezertarako balio asteburua iristen bada eta bacon eta gazta bokata jaten baduzu, patatekin, izozkia duen browniarekin amaituz eta bost kubatekin bustiz. Pikutara aste osoko sakrifizioa!

Ez al da hobea gauza guztiak neurri batean egitea? txokolate zati bat jatea mandarina eta platanoaren ostean? ordubeteko paseotxoa ematea egunero, lasai lasai? Nere pasotismoaren baitan, eta jaten ditudan txerrikeri guztiak zein egiten dudan ekintza fisiko eskasak kontuan izanda, uste dut gehiago identifikatzen naizela bigarren eredu osasuntsuarekin eta ez lehenengo sasi-osasuntsuarekin. Gero honela datoz frigorifikoa bortxatzeko adineko antsietatea eta obsesioak… neurririk gabekoek ez dute onik ekartzen!

No hay comentarios: