viernes, 9 de diciembre de 2016

Makillatu itzazu granoak, baina ez ubeldurak

Marokoko telebista publikoan emakumeei ubeldurak makillajearekin estaltzen erakusten dietela irakurri nuen egunkari honetako Ikus-entzun atalean. Nire haserrea izugarrizkoa izan zen, ni neu askotan ibiltzen naizelako Youtuben makillatzen ikasteko tekniken bila, baina halako leiho anitz batean sekula ez dut gisa horretako zentzugabekeriarik aurkitu. 

A zelako sorpresa hartu nuen egun batean Youtuben sartu eta jarraitu ohi dudan youtuberetako batek «ubeldurak nola makillatu» izena zeraman bideoa igo zuenean. Hasieran haserretu egin nintzen eta gero arrazoitzen hasi nintzen. «Nago, ondo pentsatu, neska honek ez luke sekula halakorik jarriko». Bideoa ikusten hasi nintzen. «Gaurko bideoa oso erabilgarria izango da munduko emakume askorentzat; ubeldura bat estaltzen irakatsiko dizuet», esaten zuen begi-ingurua belztuta zuela. Etenaldi luze baten ostean, neskak telefonoa hartzen zuen eta 016 sakatzen zuen, tratu txarrak jasan duten emakumeei laguntzeko zenbakia. 

Ez dakit Marokoko bideoari erantzun bezala sortu ote den joera hau edo azaroaren 25aren harira izandako ideia izan den, baina neska hori ez da eraso matxistak salatzen dituen youtuber bakarra. Hamarnaka dira antzerako bideoak argitaratu dituzten neskak, hizkuntza desberdinetan, eta batzuetan istorio beldurgarriak kontatzen dira.
Mezua argia da: makillatu itzazu kopetan atera zaizkizun granoak edo parrandaren osteko begi-zuloak, nahi izanez gero, baina inoiz ez matxismoak eragindako zauri fisiko zein emozionalak. Salatu.

Gara egunkarian argitaratua.

No hay comentarios: