viernes, 24 de marzo de 2017

Ni ere «arraroa» naiz

Berandu baina nik ere nahi dut gaixotasun arraroei buruz hitz egin. Arraro direla diogu ezezagunak direlako, eta gizakiak berez beldurra dio ezezaguna den guztiari.

Nik neuk ere beldurra izan nuen gertuko haur bat «arraroa» dela esan zidatenean, bere bizitza «arraroa» izango zela eta ingurukoek «arraro» tratatu beharko genuela. Urte batzuk pasatu dira eta denak konturatu gara neskatxa hori ez dela batere arraroa, ez beste edonor baino arraroagoa behintzat. Arraroa dena bere sindromea da, ezin baitu irribarre egin. Eta hala ere badauka munduko «irribarrerik» politena, pozik dagoela ederki adierazten baitu.

Sokari tira jakin izan dut Euskal Herrian badela bera bezalako beste haur bat (gutxienez). Koxkortuta dago jada eta dakidanez oso neska alaia da eta kirolak asko gustatzen zaizkio. Zorionez, gaitz honek ez die bizitzari gehiegi eragiten baina badaude beste haur batzuk kalitatezko bizitza bat eraman ahal izateko laguntza behar dutenak. Horregatik, ozen txalotzen dut gaiaren inguruko elkarteek egiten duten lana, guraso ausartez osatuta daudelako eta arazoa gizarteratzeko biziki garrantzitsuak direlako. Alde batetik, gaixotasun arraroak hain arraroak izan ez daitezen lortzen dute eta, bestetik, zenbait familiak behar duten babesa finantzatzeko dirua biltzen dute.

Zentzu horretan, deialdi bat luzatu nahi diet azalean istorioak eramatearen zaleak direnei, bihar zita garrantzitsu bat baitago Eibarren: zortzi tatuatzaile izango dira Unzaga gizarte zentroan 50 euroren truke lanean. Lortutako dirua bi elkarterentzat izango da. Gorputza apaintzeko arrazoi ederra ez dela ezin da esan behintzat!

Garan argitaratua

No hay comentarios: