jueves, 4 de mayo de 2017

Nahasketez osatutako euskara identifikaezina

Duela gutxi, herrian, nafarra al nintzen galdetu zidaten. Galderak ez ninduen hain sorpresaz harrapatu, duela ez hainbeste Hernanin galdera berbera egin zidatelako. Jatorri desberdinetako lankideen euskarari eta euskara batuaren indarrezko erabilerari botatzen diot errua, jada ez baitakit zein den nire jatorrizko euskara. 

Nire ama-hizkuntza, berez, gaztelera da, nire bizitzako lehenengo bi urteetan inor ez zitzaidalako euskaraz mintzatu. Aita «fan bixu» eta «jauzi in bia jatzu» artean hazi ahal izan zen, ama oñatiarra eta aita bergarrara zituelako. Legazpin jaio zen, baina bere burua ez du «jungo gea?» horrekin identifikatzen, frankismoak sortutako beldurraren itzalean gazteleraz ikasi baitzuen. 

Ama nafarra da jaiotzez, baina guraso extremadurarduna. Lan bila jo zuten Euskal Herrira, Olaztira lehenik eta Legazpira gero. Noizean behin bera jaio zen etxea ikustera joaten gara eta oroitzapen onak ditu Olaztiren inguruan, baina hala ere Altsasukoa dela dio. Txikia zela joan ziren Legazpira eta bertan hazi zen. Horregatik, noizbait esan izan du ez dela inongoa, Badajozen bertakoa ez dela esaten diotelako, Altsasukoa ere ez delako, ezta Legazpikoa ere. Nongotarra izango da ba?

Aspaldian etorri ziren aitona eta amona Extremaduratik, baina «abu»-k oraindik bere azentua dauka. Mezetan euskaraz kantatzen zutenean playback egiten zuen eta inoiz ez zuen euskara ikasi, kontrakoa! ingurukook ikasi genituen bere hitz xelebreak. Eta hona hemen nire gogoeta: 60 urteotan bere hizkera mantendu badu, zergatik daukat nik euskara arraroa?

Garan argitaratua

No hay comentarios: