viernes, 27 de febrero de 2009

Lehoinabarraren amets zapuztua

Cho Oyuko magaletan galdu zen Xabier Ormazabalen arima, Irimo mendian gora haurtzaroan errotuz joan zen Elurretako Lehoinabarraren arima hori. Urretxu bezalako herri batean mundu osoko mendiak igoz bizitzea utopia huts bat besterik ez da, baina Xabierrek ez zuen inoiz etsi. Bere bihotza kementsua zen oso. Horri esker lortu zuen amets asko betetzea, baina baita horren erruz ere amets horiek goizegi galdu ziren elur artean.

Gazte-gaztetatik oinak lurrean zituelarik burua guztien gainetik izan nahi zuen, eta bere herriko inguruetaz baliatuz pixkanaka mendizaletasunaren drogara engantxatzen joan zen. 15 urterekin mendi ikastaro batera joan zen eta bertan “mendia deitzen den erreinu eder horretarako ateak zabaldu” zitzaizkion bere begi aurrean. Sekulako aurrerapausoak eman zituen ikastaro horretan ezagututako pertsonei, garaieretan ezagututakoei eta baita bere anaia Andoniri esker. Alpeetatik bueltan Peruko Huascaranera igotzeko erronka hartu zuen. Dirua lortzeko Urola Garaiko bazter guztiak mobilizatu zituzten kamisetak saltzen, eta azkenean bere herrikidei esker, lortu zuen espedizioa subentzionatzeko behar zituen adina sos. Guztiak Xabierren zati sentintzen ziren, herriko kamiseta urdin bakoitzaren azpian Xabierren anbizio pixka bat zegoen.

Orduan sentitu zuen Xabierrek Euskal Herrian norbait izango zela.
Jasotako laguntza guzti honen ondoren, Elurretako Lehoinabar bilakatzea zuen finkatu zuen helburu. Lortu zuen. Eta orduan 8000koekin ausartzea erabaki zuen. Baina ez zuen horrekin nahiko, Cho Oyu-ren tontorrera bakarrik igo nahi zuen. Berriro ere, lortu zuen bere helmuga. Baina jeitsiera ez zen hain samurra izan eta Jainkosa Turkesak berarentzat bestelako patu bat zuen pentsatuta. Hurrengo goizean lo aurkitu zuten, mendiak igotzearekin ametsetan egongo balitz bezala. Baina ez zegoen lo.

No hay comentarios: