viernes, 16 de marzo de 2012

Sentimendu jaioberri baten alegoria

Izpi txiki txikiren bat, agertuz doa gaurkoan… hala dio Zea Mays taldearen abesti ezagunak. Bideoko neskak eskuekin esaten duenaz aparte (nork ez du ikasi nola esaten den "larrua jo" zeinu hizkuntzan?) hitzek badute aparteko indarra kanta honetan. Sortu berria den maitasun baten kronika dirudi, maitatzeko beldurra duen neska baten ahotan. Izpi txiki horren bila sartu da norbait bere bihotzean, eta behar duen goxotasunaz bustirik ateratzea lortu du. Orain lainorik ez da, aurpegi biluziak, hori besterik ez, aspaldian teloiaren atzean ezkutuan ibili den irrifar horrek eskilarak jeitsi ditu mozorrorik gabe. Biluzik. Eta orduztik negua joan da berarentzat, neguko egun gogorrak badira ere. Laztan goxoak eskeintzen dizkion eskuen eta begirada sakonen berotasunak kendu ditu laino guztiak.

Sentimendu hori deskribatzen duen esaldi bikaina; jaioberrien antzera taupaden beharra dut orain, belarriekin ikusteko nire begiek entzuten ez dutena. Maite dutela entzuteko desiatzen bizi izan da, gutxitan entzun ez badu ere, pentsatuz hobe dela ezer ez entzutea ekintzekin erakusten bada. Baina konturatu da batzuetan ekintza horiek ez direla nahikoa, biak beharrezkoak direla, maitasuna itxua delako eta erakutsi nahi digutena ikusten dugulako, bihotzak dioenari entzun gabe.

Ingurukoak uxatzen zituzten ertzak borobildu zaizkio azkenean neskari. Kaktus itxura ematen zion babeslekua apurtu du eta gordelekutik irten da fenix hegaztia bezala, indarberrituta, pixkanaka, mesfidati, bizitzea tokatu zaion une honetan bihotzari arreta gehiago eskaintzeko irrikitan.

No hay comentarios: